Biriatuko euliekin


Esan behar dizut Patxi, Biriatun beste zerbait egin nuela, eta handia gainera: Eulien mundua deskubritu nuen.
Sukalde hartan euli asko zeuden. Seguraski udara zelako eta hara non, bilatu gabe aurkitu nuen denbora pasatzeko oso modu polita.
Euliak harrapatzen nituen eta gero askatu. Horrela ibiltzen nintzen ia egunero eta egun batean, txunditurik, erabat pasatuta gelditu nintzen : euli batek, hitz egin zidan.

--Kaiku, gaur harrapatu nauzu sei aldiz eta oraindik ez nauzu hil, zergatik hori ?
--Zergatik hil behar zaitut?
--Gizona abere hiltzailea da, gure etsai amorratua.
--Ni ez naiz gizona...,ez dakit nola explikatu, ni saiatzen naiz pertsona izaten.
--Eta pertsona ez da gizona ?, ez da abere hiltzailea?
--Ez.


Hori pasa zen, nik badaezpada ez nuen euli gehiago harrapatu.
Hala ere, sukaldea oso handia ez zenez, ba, egunero ikusten ginen.
Igande eguerdi batean, Martini bat patxadan hartzen nengoela, euli bera hurbildu zitzaidan hitz egitera.

--Gauza bat esan behar dizut: Auzoko Euliak Asanblada egin dugu eta erabaki dugu zure lagunak izatea.

Garbi azalduko dizut lagun, hasieran ez nekiela zer esan.

--Eskerrik asko hori erabakitzeagatik. Ni ere zuen laguna izango naiz.

Eta horrela hasi zen gure harremana. Nik goizetan ez nuen aldatu nere bizimodua, goiko aldean egoten nintzen, baina arratsaldetan...
Idazteko erabiltzen nuen mahaia, euliz betetzen zen. Hura zen saltsa antolatzen genuena.
Ondo xamar elkar ezagutu arte, gordetzen genuen halako tarte bat. Gero ordea, lagun handiak egin ginen.
Horrez gain, ni ohartu nintzen, euliak jakinduri handia dutela.
Beraiek argitzen zidaten nik nituen zalantza asko.
Adibidez, biziari buruz. Egun batean euli denen aurrean zera planteatu nuen:

--Dena ez al da absurdoa? Jaiotzen gara hiltzeko, jazten gara biluzteko, estudiatzen dugu ikasteko, baina ez dugu inoiz ezer jakiten ".

Mahai izkinan zegoen euli zahar batek erantzun zidan:

Bai Kaiku, dena absurdoa da,
baina bizia zaldi txuria da
eta zu jartzen bazara bere gainean
absurdo ederra da.

Gustatu zitzaidan erantzuna eta pentsatu nuen: bigarren galdera egin behar diot ba...

--Aizu, aspaldi xamar badaukat buruan galdera bat eta zuk erantzutea nahiko nuke. Lapurrak demokratak al dira ?

Segituan konturatu nintzen, ustegabean harrapatu nuela. Hala ere ez zuen aurpegi txarrik jarri. Bere denbora hartu ondoren, erantzun zidan.

Denak ez dira izango agian...
diputatuak direnak
baietz iruditzen zait neri.

Buruan baneukan beste galdera, baina ez nintzen ausartzen…. Ez nekien zer egin.
Bera segituan konturatu zen.

--Galdetu lasai. Euliak ikasteko eta irakasteko gaude.

--Aspaldi xamar entzuten ari gara, gizona gizena dagoela; kolesterola zer txarra den, bihotzeko gaisotasunak zer arriskutxuak diren eta abar.
Ez zaizu iruditzen, gizonak erregimen zorrotz bat egiten, hasi beharko genukela ?

Gizona ez dago gizena
dago puztua,
harrotasunez betea.
Erregimena ez du egin behar,
egin behar duena da
autokritika sakona.

Asko zekien euli zahar hark. Atzo izan balitz bezela gogoratzen dut, ilunabar batean, esan zidana.

Hara Kaiku:
Bizian lortzen baduzu
zure gidoia zuk idaztea,
zure papera zuk egitea,
eta zure zuzendaria zu izatea,
obra ona egingo duzu.
Agian, ez da salduko
baina zu ere ez.

Bizian ahal dudana egiten dut eta ez nago salgai.
Euliekin primeran pasatzen nuen. Egunak motzak egiten zitzaizkidan. Arratsalde osoa diskutitzen, eztabaidatzen, ez ginen isiltzen ilundu arte.
Euliek ez dute idei bakar bat orrazten, egunero dena hankaz gora jartzen dute.
Zenbat ikasi dudan abere maitagarri hauekin !
-------------------------------------------------------------------------------------------------