Arantxa, balea txuria


Arratsaldeko zazpirak dira eta aste bukaera hasi da. Ba dakit nahiko tristeak izan direla azkeneko bi lan hoiek. Dena den gauzak horrela dira, biziak aurpegi asko ditu.
Barkatu lagun, badakit aste bukaera hasia dela eta hitza ezin dela jan, baina zerbait harrigarria gertatu zait gaur gauean.
Ohera joateko prest nengoenean, nere lagun batek telefonotik deitu dit, “ Xanti hondartza hutsa dago, ez dago inor.”
Ze ondo, pentsatu dut. Neri horrela gustatzen zait hondartza, bakarrik, bakarrik eta bakartia. Agian konpartitzen ikasi beharko nuke.
Pila bat gustatzen zait inor ez dagoenean, nola begiratzen dion Jaizkibeleri, ze goxotasunarekin begiratzen dion, ze irribarre gozoa eskaintzen dion, hori ikustea oso polita da. Nere ustez lotsatia da, gorritu egiten da berehala, ez da ausartzen musu bat bidaltzen.
Beti pentsatu dut betaz maiteminduta dagoela eta Mendia ez dela oraindik ohartu. Askotan pentsatu izan dut, bitartekari bezela…. momentu horretan itsaspeko txuri bat ikusi nuen, a ze ustegabea!
Hasieran piskat atzera egin nuen, baina baita gero pentsatu ere, paperak ba ditut, ez daukat zergatik bildurtu.
Gauza hoiek pentsatzen nengoela, itsaspekoa hurbildu egin zen, ia ia ur ertzeraino, hogei bat metro falta zitzaionean, hara non hasten den, neri begi keinuak botatzen.
Nik pentsatu nuen, metro batzuk hurbildu egingo naiz, gutxi gorabehera hamar metrora nengoenean, ohartu nintzen ez zeuzkala lehiorik, ez aterik….ze itsaspeko klase da hau, nondik sartzen dira marinelak eta nondik atera?
Beste piskat hurbiltzea erabaki nuen, agian hobea izango zelakoan elkar ulertzeko eta halaxe izan zen!

-- Hurbildu beste piskat mesedez, pare bat metro nahikoak izango dira.

Hizketan ha si zen, ez oso garbi, baina ulertzeko moduan. Ni ere hasi nintzen.

-- Nor zara zu, zer zara zu?
-- Arantxa naiz, bale txuria.
-- Nola etorri zara Hendaiara?
-- Orain dela berrehun urte emakumea nintzen, Altzako baserri batean bizi nintzen, Martitegin, nik ezagutu nuen zure birraitona, Bordaxarrekoa.
-- Nik ere ezagutu nuen Inaxio Martitegikoa. Udaran ia egunero edaten nuen ura bere iturritik. Batzuetan perretxikuak ematen nizkion.
-- Nere birbiloba zen, oso gizon ona. Nahi duzu elkarrekin bidai bat egitea?


Egia esan, ez nion berehala erantzun. Ezetz ez nion esan nahi eta baietz gutxiago.
-- Ea Xanti animatu zaitez, bihar ordu honetan hemen izango gara.
-- Eta nora joango gara?
-- Eramango zaitut Lazkao Txiki bizi den uhartera. Ikusiko duzu ze leku ederra den. Ba dakit fruitu zalea zarela eta han daude munduko fruitu onenak.
-- Gereziak ba daude, piku txuriak, amabirjin sagarrak, aran oriak?
-- Anpaloriak daude nere begiak baino handiagoak, piku txuriak bonboiak baino goxoagoak, sagarrak amabirjinarenak eta ainguru guztienak, aranak oriak, beltzak, gorriak, kolore denetakoak.
-- Ze leku da hori? Nola ez dut nik ezagutzen?
-- Ezagutuko duzu, lasai egon, gauza denak dute bere ordua. Eta orain ba goaz ? -- Goazen
.


Sartu eta berehala, zerbait arraroa sentitu nuen gorputzean, baina gero oso ondo pasa nuen. Nik ez nuen inoiz pentsatu nolakoa izango zen Balearen barrena eta ez da batere konplikatua, da autobus bat bezela, baina jarlekurik gabe.
Badaezpada etzanda joan nintzen, ez nuen arriskurik hartu nahi, agian olatu monstruo batekin topo egin ezkero, atera behar nuen ahotik auskalo non bukatzeko.
Egia esango dizut lagun, denbora guztia pentsatzen joan nintzen, zer esan Lazkao Txikiri elkartzen ginenean. Nik bertso asko idatzi ditut, baina ez naiz bertsolaria, ez dakit bertsoak bapatean botatzen …
Ba dakit zer esango diot, kopletan ariko garela bertsotan. Hori esango diot!
Horrek lasaitu zidan dezente, momentu hartatik aurrera amorratzen nengoen jaisteko.
Saiatzen nintzen piskat ikusten, baina alferrik, baleak askotan daukate eztarria itxita eta ez naiz saiatuko deskribatzen eztarria, zeren, bat ez naiz kapaza eta bi, ez zaitut erotu nahi.
Gutxiena espero nuenean, balea gelditu egin zen. Kalera atera nintzenean aho zabalik gelditu nintzen, pentsatzen nuen itsaso erdian ginela eta hara non, ibai zoragarri batean ginen, ze paraje ederra!
Lazkao Txiki ikusi nahi nuen. Baserria begi aurrean neukan, zuhaitzak ere, bai gereziak,sagarrak, dena neukan begi aurrean…salbu Lazkao Txiki.
Azkenean Arantxari begiratu nion. Honek keinu bat egin zidan begiekin.

-- Uso hori da?
-- Bai.


Kristoren amorrua hartu nuen, nik berarekin nahi nuen egon. Haraino joan eta…..

-- Nahi duzu betiko Lazkao Txikirekin egon?
-- Noski.
-- Gaur gauean egongo gara, Ilargia ateratzen denean guregana etorriko da, baina hau ezin diozu inoiri esan, hitza eman behar didazu, bestela nik bukatuko dut Ospital batetik bestera. Nere ahizpa horrela hiltzen bigarren aldian, auskalo zenbat ebakuntza egin zioten. Zientifikoak dena nahi dute jakin eta ez dira konturatzen, natura ez dutela menperatzen.


Nik hitza eman nion eta hitza beteko dut, gero Arantxak bota zidan mitina ez nuen ondo ulertu. Beste egun batean galdetuko diot, zer esan nahi zuen.
Arratsaldean ez nintzen aspertu, Arantxak atsedena hartu zuen eta ni primeran pasa nuen. Fruitu pila janez, pasa gabe noski, orain ez ditut hamalau urte, hogei sagar jarraian jateko eta gero hogeita hamar piku.
Jan nituen sagar batzuk, gero aranak, piku txuri batzuk eta gero….anpaloriak, leporaino jarri nintzen gereziak jaten.
Zenbat gustatzen zaidan gerezi klase hori.

Kaixo bikote hementxe nator
beti bezela kantari
zenbat alditan zain egondu naiz
oraingo momentu honi.
Eskerrak zuei berriro ere
izango naiz bertsolari
eskerrik asko etorri eta
maitatzeagatik neri.

-- Oso ondo Joxe Miel, ederra bota duzu!
-- Ez duk hain ona izan. Behin edo behin entzun didak neri bertsotan?
-- Askotan. Biriatun urtero Mattinekin, zenbat barre egiten genuen, Hendaian ere, telebistan astero.
-- Bertsozalea haiz orduan?
-- Bai, gure etxean denak. Aitona bertsolaria genuen, baina nahi nizuke galdera bat egin.
Egun batean, nik ere ahalko nuke ona etorri?
-- Hori nik ezin diat esan, gainera ni ez nauk hemen bizi. Hemen nere andregaia bizi duk, hik ezagutzen duk.
-- Nik!
-- Arantxa! Norekin etorri haiz hona?


Egia esan, ez nekien non sartu. Momentu batean urduri jarri nintzen, zeren Arantxak ez zidan esan, emakumea zenik eta zer nolako emakumea gainera.
Gure ondoan eseri zen, emakume mardula, betea, gaztea.

-- Joaten ba zara Ordiziko azokara neska katxarro honekin, a ze sestra montatuko litzateken.
-- Hori ezin diat egin, hori duk tamalgarria.


Eta hortik aurrera ez naiz ezer gogoratzen. Arantxak hondartzan utzi ninduen, Angel Asturianoa ikusi nuen, elkarrekin egin genuen lan Hotelean, eta berak ekarri ninduen etxeraino.
Baino hau ez da horrela bukatuko.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
ZAZPIGARREN ATALAREN AMAIERA
.
hurrengoa : Kontxa Mateorena