Ardoa, errima gabeko poesia da.


Bizia jarraitzen du, jarraitzen du guk indarra eta ausardia dugun bitartean, hodeiertzari aurrez aurre begiratzeko.
Ni indarrez ez nago sobrante eta hodeiertzari ezin diot begiratu, nere aurrean Hendaiako Zahar Etxea daukat, pentsa ze panorama dudan.
Hala ere ordago handira!

Ardoa eta Poesia
ez dira begiratzen
baina ikusten dira,
ez dira hitz egiten,
baina entzuten dira,
ez dira maitatzen
baina maitaleak dira.
Ardoa errima gabeko Poesia da.


Gustatu zaizu lagun, polita da ezta?
Gaur ez da eguna eta orain ez da ordua ardoa edateko. Edo bai, zergatik ez, orain mahai gainean kroketa batzuk azaltzen ba dira, odolki goxoa, ogi muttur bat, Remelluri bat edateko, zer esango nuke edo zer esango zenuke zuk lagun?
Askotan ezetz esaten dugu, gure begien aurrean dagoena ez zaigulako gehiegi gustatzen.
Gustatzen zaiguna baleo, baleo, baina jaleo!!!
Hamaiketakoa primerakoa egin dugu, ardo on bat dastatu dugu eta orain, bultzada hori
aprobetxatuz, ea sartzen ditugun bertso onak hemen barruan.
Aukeratu egin behar ditut eta saituko naiz asmatzen.

MAITASUNARI KANTARI


Nahi diot abestu maitasunari
eskeini nere bertso onenak
arimaren lore ederrenari
eman nere musu garbienak.

Maitasuna bihotzean sortzen da
goxo goxo arimara pasa
berotzen hegohaizea bezela
emanez biziari arnasa.

Bideak duen pauso beroa
guri helmugaraino laguntzen
biziak duen musu goxoa
gure irribarrea laztantzen.

Egunsentian ilusioa
gauean maite dugun babesa
zeru garbiko izar gozoa
goxatzen pertsonaren ametsa.

Udaberrian zara larrosa
lurrin ederrenaren jabea
Udazkenean lili panpoxa
xarma liluragarriz betea.

Maitasunari begira nago
edertasuna pozik ikusten
Zoriona bere barruan dago
ez da beste inon aurkitzen.

Bihotzean dagoen ur garbia
egiaren taupada kuttuna
arimaren ihintz zoragarria
hori da neretzat maitasuna.


Igeltsero batek egiteko ez daude gaizki. Orain bapatean, etorri zaizkit gogora lan egiten nuen garaiak, zenbat momentu txar eta zenbat momentu onak bizi izan nituen.
Askotan faltan botatzen dut lana, beste batzutan ez, batez ere neguan, neguan obra gogorra da, euria, haizea, hotza, gehi arriskuak.
Altzan eta bere inguruan, egoten naiz obrak begiratzen eta neurri gehiago hartzen dituzte beste aldean, hemen baino. Han langilea seguruago ikusten dut.
Ez dizut aspertu nahi lagun, gainera hau ez da ordua masa egiten hasteko.
Eta zer egingo dugu? Bertso berriak egiteko ez dut gogo handirik. Hitza ematen dizut, Txurreroen Enparantzan bukatzen dudanean, elkarrekin egingo ditugula bertso berriak, fresko freskoak
Orain beste zerbait egingo dugu. Hara ustegabean zer aurkitu dudan.

Bizian lagun
baldin baduzu ilusio bat,
saiatu zaitez betetzen,
ez utzi denbora pasatzen,
zoritxarrez inor ez da
bi aldiz bizitzen,
ez ba duzu ausardirik
eta zure asmo eder hori,
uzten ba duzu usteltzen,
hasiko zara konturatzen
bizia ilusiorik gabe
ze heriotza den.


Zalantzak izan ditut bukaeran…,bizia ilusiorik gabe, ez da bizia, heriotza da, horregatik ez dut bukatu idazten , “ ze tristea den” Gu ez gara tristuran eroriko, momentuz…
------------------------------------------------------------------------------------------------- hurrengoa : Ez gara ezerreren jabe