Artzaia eta Ardi beltza


ARTZAIA ETA ARDI BELTZA

Artalde baten beti badago
zoritxarrez ardi beltza
ni bezelako artzai onari
ematen beti ezetza.
Nere ardiak ondo zaintzea
hori da nere ametsa
baina hainbeste ardi batera
ez da lan bate erreza.

Hainbeste ardi baldin baduzu
utzi nazu orain libre
ez dut batere artzairik behar
moldatuko naiz zu gabe.
Nahiz zoritxarrez ardia jaio
ez dut nahi izan artalde
naturan aske ni izango naiz
nere buruaren jabe.


Beraz mendian izan nahi duzu
zure buruaren jabe
nere iritziz zaila da hori
bate bururikan gabe.
Hego aldeko haizeak jota
zeharo nahastuta zaude
beste ardiak etxean daude
eta etorri zu ere


Ondo dakizu nik ez dudala
bate maite zure etxea
hamaika aldiz han kendu nazu
nik behar nuen esnea.
Gaurtik aurrera ez dut onartzen
zuk jarritako legea
ardi jator bat izaten beti
igaro nahi dut bidea.

Zazpi urtetan jaten ematen
ta deitzen nazu lapurra
nik emadako belar finakin
gozatu duzu muturra.
Nere partetik emango dizut
lagun bezela agurra
bihar goizean eramatera
etorriko da txakurra.

Zure txakurra etorriko da
baina ni ez naiz joango
nahiz koska egin bihotz erdian
ez nau inoiz eramango.
Naturan aske lore artean
gustora bizitzen nago
ardi beltzaren esne goxoa
ez da zuretzat izango.


Zuk nahita edo berdin nahi gabe
izango zara txuria
betetzen ondo nere esana
naizelako nagusia.
Bestela azkar kenduko dizut
belarra eta bizia
zu libre gehio ez izateko
erosiko dut mendia.

Mendiak ez du asko balio
diruaren boterea
askoz gehiago balio bait du
udaberriko lorea.
Zorionean naturan dugu
maitasuna erregea
libre bizi naiz lagun hartuta
eguzkia eta haizea.


Ikusten denez ez duzu bate
onartzen demokrazia
nahiz eta oso goxoa izan
artzaiaren janaria.
Neretzat orain izango zara
galduta zauden ardia
galduta askoz hobeto dago
zu bezelako piztia.


Ez naiz piztia naiz ardi beltza
ni ez naiz inoren etsai
bakar bakarrik nahi dudana da
bizi ametsetan lasai.
Naturak pozik lore artean
ardia izaten jarrai
belarrik ez dut izango baina
zorion handiena bai..

Nik ez dut zorionik,
baina dirua dut,
demokrazia,
txakurra
eta eskopeta.

Nola izango duzu zoriona,
izan gabe pertsona?

-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengoa : Itzalean badago argia