Itzalean badago argia.


Orain joango gara beste auzora, Biriatuko beste aldera, Urruna aldera, horko etxe batean egin nituen bertso batzuk nahiko tristeak.
Bertsoak tristeak direnean, normalki egilea triste zegoelako da. Hor utziko dut, bestela liatu egingo gara.

HERIOTZEAN KANTARI

Nere biziak zoritxarra du
eta nahiz triste xamar egon maiz
inoiz ez dut ametsarik galdu
heriotzean baina bizi naiz.

Itzalak inguratzen nau beti
baina oraindik ez nau itzali
ezin dio ameslari bati
biziaren distira eztali.


Itzalak ez dit argia kendu
biziari esaten diot baietz
heriotzak bizia kentzen du
baina bizitzeko gogoa ez.


Ez naiz inoiz kalera ateratzen
baina sentitzen dut eguzkia
itzalean borrokan sufritzen
egiten bait da egunsentia.

Ezin da erre udaberria
torturekin kiskali lorea
lapurtu egiari argia
ta pertsonari irribarrea.


Itzalak nahi du geroa ito
baina lan hortan alferrik dabil
pertsonak erantzuten du tinko
ezin du amets bakar bat hil.

Egingo dugu egunsentia
zapaldu betirako itzala
ezagutuko dute argia
naturak egin zuen bezela.

Heriotza ez da gure helburua
baztertu pena eta negarra
bidean izan zoriontsua
bizia da kapital bakarra.


Bertso hauek gogorrak dira, egoera batzuk gogorrak direlako. Eta egoera berezi hoietan, ohartzen gara ze ahulak garen, gizakiak oso ahulak gara.
Nere ustez, idazten duen pertsona batek, ezin du ezkorra izan ( eskubidea ba du) baina ez da batere komeni. Idazten duenak ezkorra baldin ba da, irakurtzen duena zer izango da?
Agian irakurleak bere iritzia ba du, sagardoa bere kupeletik edaten duelako. Hala ba da, oso ondo.
Hemen izan behar dena da garbia, egia esan beti, egia da iraultzaren argia.
Askotan militante batek esaten baldin ba du egia, bere egia, berak sentitzen duena, bere prestigioa militante bezela, galtzeko arriskuan dago eta hemen doa galdera, zer da garrantzitsuagoa, pertsona edo militante izatea? Pertsona izan gabe, nahiz eta kristoren kurrikuluna eduki, militante kaskarra izango da.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengoa : Ardo onaren inspirazioa