Atsegin dut


Esan dizudan bezela, ordurako nahiko ohituta nengoen etxe barruan bizitzen eta tarteka izaten nituen momentu onak.
Telebistan futbol partido on bat zegoenean edo pelota edo..., egun on bat izaten nuen. Horrela zan, besterik gabe.
Horrelako egun batean, bertso hauek idatziko nituen.

Atsegin dut egunsentian
amets artean esnatzea
zeren bizia zorionez
da egunero jaiotzea.

Atsegin dut gau epeletan
botilak burua galtzea
baina burmuinaren kortxoa
ile artean gordetzea.

Atsegin dut bakardadean
ile txuriak orraztea
hori baita gizonen lana
hil arte haurra izatea.

Atsegin dut arratsaldean
sudurra goxoki igurtzea
gero gauean sentitzeko
konzientziaren hazkurea.

Atsegin dut ia egunero
gauza zahar bat jakitea
horrelaxe ikasten baita
zein erreza den ahaztutzea.

Atsegin dut Udazkenean
heriotzakin lo egitea
maite dudalako bizia
den bezelaxe ikustea.

Atsegin dut zulo batzutan
hankak ondoraino sartzea
tronpatu gabe ezin baita
ikasi zer den asmatzea.

Azken bertso hau gustatzen zait. Beldur gehiegi diogu hanka sartzeari eta nik ez dut ulertzen zergatik. Batzutan, adibidez sendagileen lanetan edo ardura handiko beste zerbaitetan, ba, logikoa da.
Gero, bizian dauzkan beste arlo askotan, ez du hainbeste garrantzi, hanka sartzen badugu, ateratzen dugu eta kitto. Berriro sartu arte.
Gainera iruditzen zait osasunarentzat ona dela. Bihotzari presio asko kentzen dio.
-------------------------------------------------------------------------------------------------