Bakardadean ohartu naiz


Orain lagun saiatuko naiz, bakardadeari buruz bertso batzuk sartzen. Aspaldi, bertso batean esan nuen Bakardadea heriotzaren alaba zala, hirugarren alaba.
Orain lasaiago,- nere iritziz- Bakardadea oso ona dela guk aukeratzen dugunean eta oso txarra inposatua denean.
Esan dizut dagoeneko, ideiak eztabaidatzeko daudela.


Bakardadean ohartu naiz
oso txikia naizela
pertsonak herririk gabe
ia ezer ez garela.

Bakardadean ohartu naiz
ezin dela bizi bakarrik
eta hala gertatu ezkero
hiltzen ari gara alferrik.
.
Bakardadean ohartu naiz
argala naizela ni
larogei kilo barruan
bizitzen garelako bi.

Bakardadean ohartu naiz
emanez inoiri bi musu
neretzat adiskidea
ze garrantzitsua zaren zu.

Bakardadean ohartu naiz
ez dudala ikasi bate
oinez ez dela jakiten
norbera erori arte.

Bakardadean ohartu naiz
ze gutxi pentsatzen nuen
burmuina alferrik dago
ez bada asko erabiltzen.

Zenbat gauzetaz konturatu nintzen...
Ba nuen denbora. Ordurarte bizi osoan ez nuen ezer idatzi, eta ez nuen idatzi, ba, nere bizia arrunt ezberdina zelako.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengoa : Atsegin dut