Kafetxo bat


Orain ez dakit zer idatzi. Paper pila daukat nere aurrean eta ez dakit nondik hasi.
Ze iruditzen zaizu lagun, erdi bertso, erdi olerki batzuk sartzen baldin baditugu?

Lasai, lasai, kafetxo bat hartzen dugun bitartean, Euskal Kulturari emango diogu beste bultzada bat.
Kafearena ez da txantxa, goizeko bederatziak dira, Endaian gaude, eguraldi ona egiten du
eta bizitzeko gogoa ez zaigu falta. Zer eskatu behar dugu gehiago?



Asko dakitenak
gehiegi tronpatzen dira,
bakar bakarrik dutelako
beraien harrotasunaren ikusmira,
ez direlako konturatzen
dena jakiteko,
etorkizuna asmatzeko,
bizi behar dela begira.
Nora?
Hodeiertzean Utopiak
egina daukan kabira,
kabi horretan maitasuna
egia esaten ari da.

Poeta izatea, pertsona izatea baino errezagoa da.
Pertsona izatea oso zaila da. Dena den, gizon eta emakumeak, egunero saiatzen garenok hobeak izaten, jatorragoak, zintzoagoak, hitz batean esanda, zertxobait Iraultzeileagoak, iruditzen zait piskat pertsonak bagarela.

Bizian lagun,
ez zaitez izan tristea,
ez maite bakardadea.
Bakardadea ez da bakea,
da heriotzaren alaba,
alaba gaztea.
Horregatik maite ezazu bizia,
maite lagunartea,
gogoratuz beti :
irribarrea dela
aurpegiko lorea.

Bertso hau ez zait gehiegi gustatzen. Bertsoak musuak bezela dira, ez dute denak ederrak izan behar. Tarteka erdipurdiko musua, pozik eskertzen da.
Ea oraingoan, bertsoa politagoa den. Dena den, bertsoak eta olerkiak, ez dute izan behar politak. Izan behar dute lodiak, pisutxuak, ederrak. Kultura gizena izan behar du, argala baldin bada, ez du ezertarako balio.
Orain idatziko dudana pisatzen ari naiz : larogeita bost kilo. Gutxi xamar.
Espero dut lagun, zure etxean kilo batzuk hartuko dituela.

Bizian lagun,
jar zaitez pentsatzen,
pentsatu gabe nora zoazen:
artaldera zuzen zuzen!
Ez zaitez utzi manejatzen,
ez bizi belarra jaten,
gaurtik aurrera
hasi zaitez aldatzen,
zu izaten.
Berehala konturatuko zara
izatearen eta egotearen arteko muga
non dagoen.


Oraintxe pisatu naiz eta larogeita hamabost kilo ditut. Martxa txarra. Bertsoak beti izan behar dute, egilea baino askoz gizenagoak.
Bihar jarraituko dut.


-------------------------------------------------------------------------------------------------


hurrengoa : Bizia badabil