Gora itxaropena


Beno lagun orain nora goaz, gaur astelena da eta buruko min piskat dut. Begiratuko dut karpetan eta zerbait azalduko da.
Begira zer aurkitu dudan.

Bizian
garrantzitsua zer den
eta zer ez,
zuk erabaki behar duzu,
nahi baldin baduzu pertsona izan
izan behar duzu zu,
egiaren ikaslea
eta arrazoiaren maisu.


Goizean ez nengoen ondo, baina eguardian txuleta bat jan dut, gero siesta piskat egin dut eta orain primeran nago. Eta pentsatu dut onena izango dela, Itxaropenari bertso batzuk egitea. Badakizu lagun, aspaldi eginak daudela.

ITXAROPENA

Non sartua zara maitea
izar zoragarriena
dena argitzen zaudena
deituraz itxaropena.
Pertsonak bizian dugun
argirik onena.

Ariman zauden sumendia
adar gabeko zezena
dena mugitzen duena
emanez pozik kemena.
Ekaitzean beti dugun
arnas goxoena.

Itxaropena zara zu
polita duzu izena
ezti goxoen eztena
sutsua bezain gardena.
Arimaren lorategian
larrosa politena.

Kalitatez beterik zaude
ilusioa duzu lehena
adorea da bigarrena
hirugarrena sinismena.
Zeruan itzaltzen zaigun
izar azkena.

Jarraitu beti izaten
bideko lagun onena
emanez argi zuzena
alaitzen gure barrena.
Itxaropena zu zara
ihintz freskoena.

Gustatu zaizkit bai Jauna !!! Bertso politak dira. Orain sartuko dut beste lan bat. Hau ere aspaldi dago armarioan sartuta eta gaur, Maiatzaren 3an aterako da kalera.
Hori ez da egia, Internet ez da beti lehio bat, kasu askotan da beste armario bat, baina ze egingo dugu, nik ezin dut beste ezer egin.

Justizia demokraziarekin nahasten dutenak,
nahasten dute,
egia gezurrarekin,
bakea beldurrarekin,
askatasuna botoarekin,
zoriona diruarekin,
lana morrontzarekin,
maitasuna sexoarekin,
lorea laharrarekin,
eguzkia itzalarekin,
ihintza malkoarekin,
etorkizuna iraganarekin,
nahasten dute
bizia heriotzarekin.
Hoietako batzuk
pena ematen didate,
beste batzuk nazka.

Hau ez dakit noiz idatziko nuen. Dena den egoera ez da batere aldatzen. Demokrazia ez da nahikoa langileei zoriona oparitzeko. Langileak botoa baino zerbait gehiago behar du
hilaren bukerara iristeko. Langileak lana behar du, soldata bat behar duelako hilero hilero eta zoritzarrez ez du, kasu askotan behintzat.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengoa : Patrixi haserretu egin da