Bertsoak neurtzen


HIRUGARREN ATALA.


Hirugarren atalean esango dizut Patxi, -seguraski ez duzu izen hori, baina berdin da -, zergatik hasi nintzen bertso motzak egiten.
Biriatun, igande batean, -ez zait bizi osoan ahaztuko- esnatu nintzen eta beste gelan musika zegoen martxan. Polita zen, gustatzen zitzaidan.
Beste gelan, etxeko bi mutil zeuden, seme zaharrena eta seme gazteena; ertaina, alaba, amarekin zegoen beste ohean. Denak ginen lasai lasai musika entzuten.
Mezatara ez ginen joan, baina ziur nago Jaungoikoa ez zela egun hartan gurekin haserretuko.
Orain seme gazteena espetxean dago. Ea nere bertsoak bezelaxe Askatasuna laister lortzen duen.
Ba hantxe, ohean etzanda, musika entzuten, ederki pasa nuen ordu erdi bat. Denak bertso motzak ziren, ondo eginak eta mamitsuak, kalitatezkoak.
Hurrengo egunean pentsatu nuen: ..."eta nik zergatik ez ditut bertso motzak egiten "?
Buruari bira gehiago eman gabe, bi edo hiru urte pasa nituen bertso txiki horiek egiten. Bertso hauek errima gutxiago dute eta ez dira hainbeste neurtu behar.
Nik utzi banituen bertsoak neurri handian egiten, horregatik izan zen, nazkatu egin nintzelako neurtzen.
Bertsolariak aho zabalik uzten naute. Zer trebezia eta zer artea beraiena, bertsoak martxan neurtzeko !
Orain badakizu Arantxa, nere olerki asko, zergatik diren bertso neurri gabekoak.
Bada ordu bete idazten hasi naizela eta oraindik ez dut bertso triste bakar bat sartu.
Biriatun nengoenean, banenkien kalera atera gabe bizitzen; orduan ia goiz osoa beteta neukan eta arratsaldetan idatzi egiten nuen.
Gogoratzen dut, behin, bakardadeari buruz buruari bueltak ematen ari nintzela, erantzun bat aurkitu nuela, ez nengoela bakarrik, nerekin nengoela.
Hori horrela esanda, txorrada bat dirudi, baina ez da batere txorrada.
Orain sartuko ditut bertso batzuk makinan.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengoa : Itzalean ikasi dut