Gelatik ikusi dut


Konturatu zara lagun, gaur beste gorputz batekin esnatu naizela eta normala da. Gaur larunbata da, ez da egun arrunta, egun berezia da, bai horixe !.
Egun berezia denez, saiatuko naiz bertsoak ere on xamarrak sartzen.
Dena den, ona edo txarra zer den, zail xamarra da epaitzen. Batentzat ona dena, beste batentzat txarra da eta alderantziz berdin.

Gelatik ikusi dut
bizia pasatzen
lehiora aterata
hasi naiz agurtzen.
Azkeneko urtetan
ez nau ezagutzen
agian ez naiz bizi
eta ari naiz hiltzen.

Gelatik ikusi dut
txori bat kantari
abesti bat eskaintzen
bere maiteari
Maiteak esan dio
mila esker zuri
zure musuak hartzen
pozik bizi naiz ni.

Gelatik ikusi dut
lore bat negarrez
naturari eskatzen
ur piskat mesedez.
Negarra tristea da
ta isildu zaitez
denak ahal dugu egin
baina loreak ez.

Gelatik ikusi dut
neska bat galdetzen
bere aita kalera
noiz aterako den.
Amak erantzun dio
jakin itxaroten
Zoriona iristen da
zain egon ondoren.

Gelatik ikusi dut
zuhaitz bat biluzten
natura bakarra da
arima eranzten.
Urte askotan dabil
hori irakasten
poetak ikasi du
baina ez da ausartzen.

Gelatik ikusi dut
txakur bat kalean
muturra zorrozten du
gose dagoenean.
Baino pozik bizi da
askatasunean
Zoriona ez dago
lotuta katean.

Gelatik ikusi dut
amona bat dantzan
jo ta ke ari da
Endaiako plazan.
Biziari amona
dantzan baietz esan
pozik ez bizitzeko
zertarako izan.

Gelatik ikusi dut
bizia kolorez
hain ederra ordea
ez da zoritxarrez.
Ondo ez egon arren
ez nago negarrez
poeta triste dago
baino irribarrez.


Zenbat gauza ikusten nituen gelatik eta hori, ezin nuela lehiora atera, pentsa nola garbitzen nituen kortinak !
Ikusteko, begiratu egin behar da eta begiratzeko, ausardia izan behar du, bizitzeko ausardia. Ez da erreza, bizitzeko ausardia beti edukitzea.
Gure gizartean, begiak aipatzen ditugunean, askotan begi berdeak aipatzen ditugu eta neretzat begien kolorea ez da garrantzitsua. Neretzat oso garrantzitsua da, begiradaren kolorea, hori bai dela bizian garrantzitsua.
Begirada, berdea izan behar du, ausarta, sakona, kementsua, eta itxaropentsua.
-------------------------------------------------------------------------------------------------