Kaixo, Ama naiz




Iruditzen zait luzatzen ari naizela eta hemen nere aurrean, bertso batzuk daude ea noiz azalduko diren zain.
Bertso hauek idatziko nituen, ezkutuan egon nintzen lehen garaian; gero beste bertso mota hartu nuen idazteko. Izenburua du: KAIXO, AMA NAIZ.


Kaixo maiteak ni naiz Euskera
naiz Euskal Herriko dama
aspaldi dudan gaisotasunak
gaur zuengana narama.
Seme alabak azkar lagundu
eramaten neri zama
erderak nahi du baina ez utzi
hiltzen euskaldunen ama.

Seme alabak ni gaiso nago
zaurituta aspaldian
borroka latza nik eman arren
beti nago hil zorian.
Ez nuen uste hau gertatzea
euskaldunen familian
ama gaisoa sufritzen dago
erderaren hanka azpian.

Urte askotan bakarrik nago
ezin dut gehiago egin
ez da nahikoa zuek bezela
Euskera ederki jakin.
Mintzatu gabe hiltzera noa
hola jarraitzea ezin
laister hilko naiz ez ba zarete
denak bizitzen nerekin.

Oso zaila da nere bizia
ezin dut egin aurrera
bakar bakarrik denaren aurka
Txantxangorrien antzera.
Euskal semea entzun mesedez
berdin alaba ba zara
nola zabiltza sasi euskaldun
beti mintzatzen erdera.

Entzun erdaldun nere mezua
esan gabe ezin utzi
Euskal Herrian dudarik gabe
hizkuntza da lehendabizi.
Pentsatu duzu ondo gainera
gure aberrian bizi
zure hizkuntza ez ahaztu baina
Euskeraz bizitzen hasi.

Nere bihotza gaur larri dago
arima daukat iluna
baina oraindik badut indarra
emateko erantzuna.
Gure herrian zaindu behar da
euskeraren osasuna
gora aberria gora betiko
Euskal Herri euskalduna.

Gauza bat esan behar dizut lagun: duela hiru edo lau egun, esan nizuen seme alabak maite behar direla, diren bezela eta ez nuen gezurrik esan nahi, baina...
Bertso hauek zuzendu egin ditut, ez zeuden oso ondo eginak eta nola gaia, neretzat oso garrantzitsua den, erabaki dut piska bat txukuntzea.
Zertxobait txukundu arren, ez nago oso gustora, baina, beno, aurrera tiratuko dut. Bertso hauekin gertatu dena, aprobetxatu nahi dut zuri esateko, nahi baldin baduzu zure aportazioa egin, egiteko lasai.
Bai hemen, Martillungo Sindikatoan, bai Txurreroen Enparantzan edo laister jaioko den Zorionaren Trenean, nahi baduzu zer edo zer esan, agian hobetu egingo duzulakoan ,ez moztu, eta bota lasai.
Apala eta garbia bazara, ulertuko gara . Ez naiz Kulturaren militantea, hala ta guztiz, saiatzen naiz apurtxo bat ekartzen.

Nere lana, historioak, bertsoak, olerkiak, esaldiak, proberbioak, berdin da zer, txarrak badira ere, nereak izango dira eta onak badira, piska bat nereak eta beste puska bat denonak, Euskal Herriarenak.
Ea denen artean, ematen diogun gure Euskera maiteari merezi duen indarra.



LEHEN ATALAREN AMAIERA

------------------------------------------------------------------------------------------------