Nik liburutegi bat dut




Orain lagun erabat aldatuko dugu gaia. Oraingo gaia nahiko ironikoa da, baina badu bere saltsa eta saltsa beharrezkoa da, bestela aspertuta hilko gara denak.
Altzatik alde egin nuenean, sagarra baino sanoagoa nintzen, ez nuen bizia batere ezagutzen, ez nuen batere maliziarik, patxadan bizi nintzen. Gero ordea, ikastea tokatu zitzaidan; eta poliki-poliki ikasi nuen, asko ikasi nuen.
Eta nahiz eta dezente ikasi, ba, beti harritu izan naiz pila bat, adibidez etxe askotan, sekulako liburutegiak daudela eta beti konparatzen nuen nere etxekoarekin.


Nik Altzan ez nuen sekula liburu bat ikusi. Nere aita liburu bat irakurri gabe hilko zen eta nere ama berdin.
Horrek txokatzen zidan asko; batzuk hainbeste irakurtzea eta beste batzuk ezer ez.
Horrela pasa zen denbora. Ni urte batzuk hartzen joan nintzen eta jakina, urtearekin txoroena ere ikasi egiten du. Nik ez dut azkar ikasten, neri kosta egiten zait ikastea, gero ordea, ez zait sekula santan ahazten.
Esan dudan bezela, urtearen poderioz,konturatu nintzen liburutegien asuntua, dena
edo gehiena itxura dela. Etxeak apaintzeko daudela, jende gutxi irakurtzen duela. Beno, nik ere oso gutxi irakurtzen dut.
Kontu hori dela eta ez dela, pentsatu nuen horretaz bertso batzuk egitea. Hemen daude nere
aurrean. Batzuk sartuko ditut ordenagailuan, ea zuri gustatzen zaizkizun.


Liburu asko erosten ditut
inoiz ez irakurtzeko
literatura ona delako
etxea ondo jazteko.
Intelektuala nahi nuke izan
bestela zerbait antzeko
kultura oso ona omen da
gizendu gabe jateko.


Jangelan ditut mila liburu
asko maite dut kultura
oraindik ez dut bat irakurri
ezin da sartu barrura.
Gizarte hontan hobea baita
kultura baino itxura
ergel mordua pozik bizi da
ezjakinaren kontura.


Beti erosten ditut gainera
liburu garestienak
nahiz eta asko ez begiratu
azkar ikusten direnak.
Bostehun bat horri dauzkaten hoiek
izaten dira onenak
oheko hanka hausten denean
karga eusten dakitenak.


Lagunak sarri etortzen dira
etxera bisitatzera
hor izaten dut liburu denak
erakusteko aukera.
Debate onak maite ditugu
gau erditikan aurrera
jakintsu denak egina dugu
taberna baten karrera.


Lagun artean ederrena da
isilik atera nota
gurea balitz modu berberan
esaldi onena bota.
Nahiz eta hanka askotan sartu
ez du batere inporta
berdin bait zaigu filosofia
edo ezkurren konpota.

.
Asko maite dut sukalde zaharra
baina piztu gabe sua
itxura ona da gizartean
gezurra ez da antzua.
Liburu batzuk erakutsita
egin naiz zoriontsua
sos gutxirekin izan daiteke
hartaburu ta maisua.
-------------------------------------------------------------------------------------------------