Amaia


Buruari mila bira ematen iritsi nintzen, nere ama dagoen gelara eta hara non, ikusten dut amona zaharren artean, neska gazte bat borrokan. Amaia Iturzaeta, hogeita lau urteko lorea. Oriotarra. Ausarta benetan ! Chapeau!!!!
Gu denon aurrean bota zion txistua heriotzari aurpegira :

“ Ni, biziko naiz eta Aian biziko naiz ”

Noski baietz maitea, Aian biziko zara.Nik sekulako zirrara sentitu nuen gorputz osoan. Hunkigarria izan zen momentu hura ! Geroztik askotan pentsatu dut momentu harekin eta zurekin Amaia. Eta pentsatzen dudan bakoitzean, gehiago maite zaitut eta gehiago maite zaitugu. Bizian badaude gauza batzuk, ahaztezinak direnak eta zure ezagutza halaxe da. Eta hau ez da Literatura, hau Maitasuna da. Munduko igeltsero guztiak, jaitsi gara aldamiotik zuri musu bat ematera eta Munduko Txurrero denak, zuretzat ari gara idazten momentu honetan. Maitagarria zarelako.


Etzanda zaude Amaia
bizia zer den gaiztoa!
baina berak ondo daki
zarela egi sendoa.
Udaberrian larrosa
Udazkenean usoa
ekaitzei aurre egiten
pertsona guztiz osoa.
Gorputz eta Arimaren
osasuna gora doa
berriro izango zara
betiko uso goxoa
goizero hegan eginez
bihurtuko Arranoa
Maitasunaren haizean
eraikiz zure txokoa.


AMAIA, MAITE ZAITUGU
-------------------------------------------------------------------------------------------------