Maite zaitut Pili


Orain lagun, bertso batzuk sartuko ditut makinan. Pilirentzak eginak dira. Ez dira bakarrak, baina ezin ditut denak sartu, gainera, iruditzen zait errepikatu egingo nintzatekela.


Kaixo maitea kantari nator
maitasunaren altzora
bihotza daukat triste xamar ta
ba nator zure ondora.
Zurekin nahi dut berriz itzuli
biziak daukan hildora
biok helduta pozik atera
zorionaren lehiora.

Lili ederrak mendian daude
nere lorategian zu
nere ariman toki onena
aspalditikan daukazu.
Bizi osoa bihotz bihotzez
pozik goxatzen didazu
ez da ordaina baina maitea
hartu itzazu bi musu.

Zenbat denbora ikusi gabe
ezin eutsirik gogoa
haizea hegan ikusten nuen
baina ez nere usoa.
Itzal gaiztoan maitasuna da
ogia bezelakoa
guk maite dugun pertsonagandik
ahotik jan beharrekoa .

Berriro ere ikusten zaitut
gure kabian zutabe
denen artean beti bezela
bizia ematen zaude.
Nere ametsak ederrak ziren
baina zu oraindik hobe
itzal gaiztoan hilda nengoke
zutaz amets egin gabe.

Ametsak utzi urre artean
eta biziari heldu
elkar maitatuz uso txuria
gure Zoriona zaindu.
Haize goxoan gure arimen
hegalak berriz zabaldu
bizia musu ederrena da
maitasuna baldin ba du.

Biziko gara maitasunari
emanez beti baietza
bizi osoa besarkatuta
eta ez bakarrik ertza.
Egia hartuz lege bezela
Zoriona da erreza
hola bakarrik ikusten baita
egunero hodeiertza.

Bizia askotan malda gora da
beste batzuetan behera
aldapa noruntz ipintzea da
pertsonak dugun aukera.
Maitasunaren indarrarekin
goazen pozikan aurrera
Zoriontsua izango naiz ni
zu hala baldin ba zara.

Bertso hauek idatzi nintuenean, ez nintzen batere ondo egongo. Maitasuna, Zoriona, askotan aipatzen ditut.

-------------------------------------------------------------------------------------------------

hurrengoa : Zoriona