Bordazar eta Martillun

LEHEN ATALA.

Kaixo lagun : Zer moduz ?
Hementxe nator berriro, oraingoan, kantari. Nere bertsoak nazkatu egin dira ilunpean hiltzen, kalera irten nahi dute, bizi egin nahi dute eta biziko dira, bai horixe !
Badakizu eta ez baldin badakizu, nik esango dizut oraintxe bertan, duela urte batzuk, tokatu zitzaidala ezkutatzea. Urte batzuk egin nituen kalera atera gabe eta bizitzeko, bizirik jarraitzeko idazteari heldu nion.
Eta zer idatzi ? Ez nuen batere arazorik izan; pentsatu gabe erabaki nuen zer idatzi: bertsoak.
Berehala hasi nintzen bertso onak eta txarrak idazten, erdi-purdikoak ere bai, denetatik idazten nituen, eta horrela pasatzen nuen denbora.
Nik eduki nuen erreakzioa oso normala izan zen. Ni Zapirain naiz; aita Bordazar baserriko semea zen. Aitona Joxe, bertsolaria izan zen, eta bere anaia Juan Kruz, bertso jartzailea eta bapatean ere, bertsolari handia, baina.., ez zen plaza gizona eta ez zuen asko kantatu.
Gero osaba Xalbador hasi zen bertso jartzen eta liburuak egiten; lan ona egin du osabak. Orain nere txanda da eta gero etorriko da, nere lengusuen seme-alaben txanda edo ilobena edo alabena. Auskalo !
Patu hori odolean ekartzen da, edo ez da ekartzen; nere aitak ez zuen ukitu hori, baina neri pasa zidan eta geroztik, hemen nabil ederki ukitua.


Hauxe da Martillun! Hemen jaio eta bizi izan zen nere ama. Hementxe ezagutu nuen nere aitona Santiago Elizalde Zugasti. Gizon ona aitona. Txikitan igandero, Meza Nagusira eramaten ninduan eta orduan ez zen hain ona. Hura aspermena!!
Baserri honek historia asko dauka; hauxe izan da Txirritaren Unibertsitatea.
Ni piskat beherago jaio eta bizi izan nintzen, Sindikato etxean. Ama oraindik bertan bizi da. Horregatik datorkio Blog honi bere izena : MARTILLUNGO SINDIKATUA.
Atzo egon nintzen amarekin Martillunen, berriro ikusi nahi zuen bere kabia.
Denda zaharreko ate ondoan, neri asko gustazen zaidan bertsoa idatzita dago.
.
Konsome ona ematen dute
beti gaineska katillun
arrai freskoa haragi ona
oberik ez dago inun.
Hemen jateko jendea dabil
borrokan edo istillun
moko pin denak bildutzen dira
eten gaberik Martillun.
" Ibai - Ertz "
.
Martillun, nere lagun zahar batek, Joxetxo Iribarren eta bere emaztea Garbine Agirrek eramaten dute. Ni astero joaten naiz eta zuk ere ahal duzu joan Bertsoen Katedralera. Oso ondo pasako duzu.
Orain nere aitonari dedikatua, azkena izan behar zuen bertsoa, hasieran idatziko dut.
Bertso hau, nere lanaren eta nere biziaren emaitza da.
.
Nahi nuke izan argia
baina naiz itzala
ni ez naiz mamia
naiz azala.

Polita da bertsoak, olerkiak eta esaldiak egitea. Neri telebista oso gutxi gustatzen zait, eta horregatik nahiago dut idaztea, zer edo zer asmatzea.
Bizitzeko jaio gara eta gozatzeko bizi gara ! Bakoitzak daki nola gozatzen duen gehiago.


-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengoa : Txantxangorria

Pertsona, zoriontsua izateko jaio da



Poeta ez da Poesia
eta Poesia ez da
mundua aldatzeko tresna.
Poeta ero jatorra da,
ameslari itsua,
eta Poesia da, inork
entzuten ez duen maisua.
Gauzak horrela, zer egin?
Pentsatu, eta erabaki.
Gu hiltzen ari garen basoan,
Abere berritxuen eremutan,
Pertsonak ezin dugu bizi,
gizonak egunero egunero
beste piskat gehiago zauritzen digulako.
Eta nolakoak diren gure zauriak!
Etxe askotan amak ezin du,
haurrari bularrik eman,
aitak ezindu ogia etxera ekarri,
aitonak ez du indarrik barre egiteko,
amona atzo suizidatu zen,
horrelaxe ari gara gu
abere berritxuen basoan hiltzen.
Bera ez da urduri jartzen,
ez du kontzientziarik,
ez du lotsarik,
ez da humanoa,
uko egiten dio pertsona izateari,
berak diruduna izan nahi du,
mundu osoko dirudun handiena,
bere diru gosea ez da asetzen,
dena gutxi du.
Nazkagarria da benetan!!!
Txarrena da demokraka dela
eta lege barruan dabilela,
abere berritxuen basoan,
langileei odola zurgatzea legala da.
Munduko langile denak
eraiki behar dugu eguna,
abere berritxua atxilotzeko,
epaitzeko eta goseak hiltzen uzteko.
Abere berritxua bizirik dagoen bitartean,
pertsonak ezin du zoriontsua izan,
eta pertsona, zoriontsua izateko jaio da.


Ez dakit non bizi zaren, ez dakit zure izena, ez dakit ezer zutaz eta zergatik jakin behar dut?
Nor naiz ni, zure bizian sartzeko, gainera baimenik eskatu gabe.
Nahi dizut esan, orain histori bat asmatu behar dudala, histori erreza eta zaila, zure bizia eta nere biziari buruz da.
BIDEA BIZITZEN da izenburua. Ea nola ateratzen den, hirugarren mailan emaitzak ezin dira kalkulatu, txurreroak gai gara munduko txapuza handiena egiteko eta tarteka jenialtasun bat ere.

Agur lagun.

.

-------------------------------------------------------------------------------------------------


MARTILLUNGO SINDIKATUAREN AMAIERA



Heriotzarekin bazilatzen


HAMARGARREN ATALA
.
Gaur bai nagoela pozik, lehendabiziko aldiz nere bizian, gai izan naiz garbigailua martxan ipintzeko. Primeran garbitu du erropa. Eta oraintxe bertan jarriko dut bigarren aldiz.
Gaur, Maiatzaren 20ian gertatu da mirari hori. Bagoaz aurrera, oso poliki baino bagoaz, hemendik aurrera ni arduratuko naiz garbigailutaz.

Eta hemendik aurrera bukatzera doa Martillungo Sindikatua.
Bertso batzuk sartuko ditut eta kitto!
Orain dela gutxi esan nizun Sindikatu asko daudela eta seguraski, ez jarraian, baina bai hemendik hiru edo lau urtetara, berriro idatziko ditugu beste bertsoak eta olerkiak eta esaldiak eta abar, Martillungo Sindikatuetan.

Orain pintxito bat bezela, jango duzu bertso txiki hau,( nahi baduzu noski) pentsa ezazu Donostiko alde zaharrean zaudela.

Bidean erne ibili beti
ondo neurtu zure pausoa
harrotuta handitzen ez hasi
hori da Zorionaren gakoa.

Orain apropos sartuko ditut bertso batzuk, Heriotzari buruz dira eta sartuko ditut, gu bizirik gaudelako, bizitzeko gogoa dugulako, gauzak egiteko asmoa dugulako.

HERIOTZA

Egi baten gainean zaude
zabortegiko larrosa
amaiera denen hotsa
azkenean heriotza.
Batzuentzat pena zara
besteentzat poza.

Bizia dena behar duzu
onartu gabe morrontza
askoz gutxiago ezkontza
zergatik zara hain zikoitza?
Zergatik ez duzu entzuten
abersaten otoitza.

Isilik agertzen zara
diruaren hanka motza
aberatsek duten lotsa
isila baino zorrotza.
Euskal langileen ordez
mila esker bihotza.

Bakarrik azaltzen zara
ilargi gabeko hontza
udaberriko izotza
aldameneko harrotza.
Helmugan entzuten dugu
naturaren ahotsa.

Negua iristen denean
azkenean ezin goza
triste bait dugu bihotza
eta arima oso hotza.
Lurpean zain dugulako
bukaeraren hortza.

-------------------------------------------------------------------------------------------------

Ardo onaren inspirazioa


Berriro itzuliko gara Patrixiren ezkontzara. Ez gaude urruti, hemendik hara bi kilometro edo hiru daude. Ze polita den Bidasoa, ezagutzen duzu? Ezetz esan duzu!
Udara honetan etorri behar duzu. Goizean joaten zarete Urdazubira, Zugarramurdira, gero Ainhoara, Sarara, ikusiko duzu ze ederrak diren herri hoiek, ze xarma duten.
Eguerdi aldera, goxo goxo, parajeak disfrutatzen, ahal duzue joan Donibane Lohitzunera,
pare bat Martini hartu eta gozatu ikusiko duzuna, neretzat Donibane da Euskal Herriko herri ederrenetako bat.
Gero Hendaiara jaitsi, hau ere herri dotorea da, nere alabeen herria da, beno eta neurri batean gurea ere.
Gero bazkaldu Biriatun, sagardo botilak uretan sartu, Bidasoako uretan, hori luxua da, eta bero asko egiten baldin ba du, zuek ere sartu beldurrik gabe.
Hor baduzu lagun plan bat, ona eta merkea.

Hemen gaude sekulako espektakuloa ikusten. Ikusten esan dut, zerbait esan behar dudalako, baina hemen ikusi…hamar milioi Euli ba daude eta astoak, Gipuzkoan eta Lapurdin dauden denak. Ze pasada!!!
Onena izango da etxe aldera joatea. Edo gelditzea? Gu, gizakiok, kolokatzen garenean, inspiratu egiten gara, alkoholak inspiratu egiten gaitu, hori egia da.
Adibidez astoak kolokatzen direnean, zer egiten dira, mozkortu bakarrik edo inspiratu ere?
Inspiratu egingo dira, zergatik ez!
Hemen gainera ez dago txantxarik, Remelluri, Campillo, dauden ardo onenak, erretzeko Cohibas, ke nibel maribel!!!
Oraintxe jarri naiz asto zahar baten ondoan, kamisetan esaldi bat dauka. Justu justu orain, jarri da beste asto bat aurrean eta ezin dut ikusi. Egon piskat.

Pentsatzea begiratzea da,
ikusi nahian burmuinarekin
begiekin ikusten ez duguna.


Azkar mugitzen ba naiz, izango dut beste zerbait irakurtzeko aukera. Bi edo hiru urteko asto batek, pankarta bat dauka buruan. Urruti xamar dago…. joan egingo naiz, bera ez da etorriko…

Lehen dendara joan naiz,
demokrazi piskat erosi nahi nuen,
baina ezin izan dut erosi,
oso gutxi bait zegoen
eta oso garesti gainera.
Nik ez nuen nahiko dirurik.


Orain astoak hasten badira demokrazia jaten, ederki gaude! Lehen gutxi ba zegoen…
Nik pentsatu dut onena dela giroan sartzea, inspiratu egin nahi dut eta ardo hoiekin ez ba naiz inspiratzen, hobe dut ordenagailua harrika botatzea.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
BEDERATZIGARREN ATALAREN AMAIERA
.

Itzalean badago argia.


Orain joango gara beste auzora, Biriatuko beste aldera, Urruna aldera, horko etxe batean egin nituen bertso batzuk nahiko tristeak.
Bertsoak tristeak direnean, normalki egilea triste zegoelako da. Hor utziko dut, bestela liatu egingo gara.

HERIOTZEAN KANTARI

Nere biziak zoritxarra du
eta nahiz triste xamar egon maiz
inoiz ez dut ametsarik galdu
heriotzean baina bizi naiz.

Itzalak inguratzen nau beti
baina oraindik ez nau itzali
ezin dio ameslari bati
biziaren distira eztali.


Itzalak ez dit argia kendu
biziari esaten diot baietz
heriotzak bizia kentzen du
baina bizitzeko gogoa ez.


Ez naiz inoiz kalera ateratzen
baina sentitzen dut eguzkia
itzalean borrokan sufritzen
egiten bait da egunsentia.

Ezin da erre udaberria
torturekin kiskali lorea
lapurtu egiari argia
ta pertsonari irribarrea.


Itzalak nahi du geroa ito
baina lan hortan alferrik dabil
pertsonak erantzuten du tinko
ezin du amets bakar bat hil.

Egingo dugu egunsentia
zapaldu betirako itzala
ezagutuko dute argia
naturak egin zuen bezela.

Heriotza ez da gure helburua
baztertu pena eta negarra
bidean izan zoriontsua
bizia da kapital bakarra.


Bertso hauek gogorrak dira, egoera batzuk gogorrak direlako. Eta egoera berezi hoietan, ohartzen gara ze ahulak garen, gizakiak oso ahulak gara.
Nere ustez, idazten duen pertsona batek, ezin du ezkorra izan ( eskubidea ba du) baina ez da batere komeni. Idazten duenak ezkorra baldin ba da, irakurtzen duena zer izango da?
Agian irakurleak bere iritzia ba du, sagardoa bere kupeletik edaten duelako. Hala ba da, oso ondo.
Hemen izan behar dena da garbia, egia esan beti, egia da iraultzaren argia.
Askotan militante batek esaten baldin ba du egia, bere egia, berak sentitzen duena, bere prestigioa militante bezela, galtzeko arriskuan dago eta hemen doa galdera, zer da garrantzitsuagoa, pertsona edo militante izatea? Pertsona izan gabe, nahiz eta kristoren kurrikuluna eduki, militante kaskarra izango da.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengoa : Ardo onaren inspirazioa

Artzaia eta Ardi beltza


ARTZAIA ETA ARDI BELTZA

Artalde baten beti badago
zoritxarrez ardi beltza
ni bezelako artzai onari
ematen beti ezetza.
Nere ardiak ondo zaintzea
hori da nere ametsa
baina hainbeste ardi batera
ez da lan bate erreza.

Hainbeste ardi baldin baduzu
utzi nazu orain libre
ez dut batere artzairik behar
moldatuko naiz zu gabe.
Nahiz zoritxarrez ardia jaio
ez dut nahi izan artalde
naturan aske ni izango naiz
nere buruaren jabe.


Beraz mendian izan nahi duzu
zure buruaren jabe
nere iritziz zaila da hori
bate bururikan gabe.
Hego aldeko haizeak jota
zeharo nahastuta zaude
beste ardiak etxean daude
eta etorri zu ere


Ondo dakizu nik ez dudala
bate maite zure etxea
hamaika aldiz han kendu nazu
nik behar nuen esnea.
Gaurtik aurrera ez dut onartzen
zuk jarritako legea
ardi jator bat izaten beti
igaro nahi dut bidea.

Zazpi urtetan jaten ematen
ta deitzen nazu lapurra
nik emadako belar finakin
gozatu duzu muturra.
Nere partetik emango dizut
lagun bezela agurra
bihar goizean eramatera
etorriko da txakurra.

Zure txakurra etorriko da
baina ni ez naiz joango
nahiz koska egin bihotz erdian
ez nau inoiz eramango.
Naturan aske lore artean
gustora bizitzen nago
ardi beltzaren esne goxoa
ez da zuretzat izango.


Zuk nahita edo berdin nahi gabe
izango zara txuria
betetzen ondo nere esana
naizelako nagusia.
Bestela azkar kenduko dizut
belarra eta bizia
zu libre gehio ez izateko
erosiko dut mendia.

Mendiak ez du asko balio
diruaren boterea
askoz gehiago balio bait du
udaberriko lorea.
Zorionean naturan dugu
maitasuna erregea
libre bizi naiz lagun hartuta
eguzkia eta haizea.


Ikusten denez ez duzu bate
onartzen demokrazia
nahiz eta oso goxoa izan
artzaiaren janaria.
Neretzat orain izango zara
galduta zauden ardia
galduta askoz hobeto dago
zu bezelako piztia.


Ez naiz piztia naiz ardi beltza
ni ez naiz inoren etsai
bakar bakarrik nahi dudana da
bizi ametsetan lasai.
Naturak pozik lore artean
ardia izaten jarrai
belarrik ez dut izango baina
zorion handiena bai..

Nik ez dut zorionik,
baina dirua dut,
demokrazia,
txakurra
eta eskopeta.

Nola izango duzu zoriona,
izan gabe pertsona?

-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengoa : Itzalean badago argia

Bertsoak paretan idatzita


Ba noa, Biriatun ez naiz aspaldi egon eta gaur aprobetxatu behar dut eguna. Ez dakit ezagutzen duzun herri hau, seguraski bai, ados egongo gara oso polita dela.
Etortzen naizenean, Elizaren inguruan beti egoten dira bertsoak idatzita. Begira, gaur ere ba daude, hurbildu egingo naiz irakurtzera.

ASPERTUTA KANTARI

Ikusi nahi duenak egia
poliki begiratu behar du
bere ariman dauka argia
bizian ez da inoiz berandu.

Aldatu behar da iturria
ondo probatu edari asko
edan ase arte eztarria
onena zein den jakiteko.


Atzera begira dagoena
ezin du historia ulertu
herriak daukan pausoa zuzena
bidean ezin dela gelditu.

Oinez pausoka goazenean
hobe da atzera begiratu
hartu galdu duguna bidean
eta pausoa hobeto neurtu.


Arazoari heldu lehenengo
ez utzi bazterrean bigarren
eguzkia beti goien dago
itzala ihesi joan arren.

Bidean ez duenak erruki
ez ditu pauso gehiegi eman
pausoa bera zer den ez daki
bizia zer den ezin du esan.


Aukeratu ezkero lorea
ez nuke zalantzarik izango
hartuko nuke irribarrea
lore ederragorik ez dago.

Jarri zaitez piskat begiratzen
ikusi ondo zure itzala
eta hasiko zara konturatzen
itzalen eguzkia zerala.



Bertso hauek ez daude gaizki, hobeak ba daude eta txarragoak ere. Horrela da asuntua, batzutan bero eta bestetan hotz.
Han goien iruditzen zait, ba daudela beste bertso batzuk idatzita. Urruti xamar daude, baina agian pena merezi du irakurtzea.
Zorionari buruz da. Gai interesantea.


Bizian lagun
etzazu maite dirua,
diruduna izateagatik
ez galdu burua,
ez bait da hori
pertsonaren helburua.
nahi ba duzu zoriona lortu
jarraitu biziaren aholkua,
bakar bakarrik maitasunak
egingo zaitu zoriontsua.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengoa : Artzaia eta ardi beltza

Boterea ikusi dut


Ez dakit zer egin, bi Martini hartu ditut, sei kroketa jan ditut eta Patrixi ez da azaltzen.
Ez da etorriko…zer iruditzen zaizu zuri lagun? Ez dela etorriko…
Hau panorama. Beste Martini bat hartuko dut. Eskerrak ez direla Azkoitikoak bezela, han edaten ba dituzu hiru pelotazo, prest zaude Kirofanora joateko. Hoiek dira Martini puskak!!!
Ze ederra den, hara joan, lagunekin egon, lau edo bost ardo hartu eta bazkaltzera joan baino lehenago, Martini atomiko batekin bukatu. Bikain!!!
Azkoitiari eta Martiniri egin diet propaganda piskat ( merezi dutelako) eta hemen ez da inor azaltzen.
Ah, ah, ah, oraintxe ikusi ditut Euli batzuk, Txatan etxean ezagutu nituen. Agian Rita ere gonbidatu dute, ze ondo!
Ez, ez dut ikusten Rita, udaran ikusiko gara. Zuk ez dakizu nor den Rita, ezta? Emakume azkoitiarra da, Txataren emaztea, bere etxean egon nintzen gordeta, han egin nintzen Eulien laguna.
Geroztik adiskideak gara Biriatuko Euliak eta ni. Hemengo Euliak alaiak dira, baikorrak eta azkarrak, burmuina handia dute eta ba dakite erabiltzen.
Gaur triste xamar ikusten ditut, ez da normala, ez dira hurbildu neri agurtzera. Ba ni hurbilduko naiz.
Baina ze gertatu da? Patrixi lurrean etzanda dago. Oso itxura txarra dauka.

-- Zer gertatu zaizu maitea?
-- Hona nentorrela boterea ikusi dut. Ze sustoa pasa dudan, a ze beldurra Kaiku.!
-- Pentsatzen nengoen bai, zerbait gertatu zaizula, ez da normala zu berandu iristea.
-- Iritsi naizenean pozik. Uzte nuen bertan hilko nintzela.
-- Hain gaiztoa , hain basatia da?



Monstru bat da,
monstru beldugarria,
oso maltzurra,
oso gaiztoa,
oso basatia.
Eskubiko hanka
general bat da,
ezkerrekoa
gotzaia.
Eskubiko eskua
intelektual bat da,
ezkerrekoa
politiko profesionala.
Burua berriz
kaxa handi bat da
eta kaxa horri lotuta,
uso bat dauka.
Usoak demokrazia izena du.
Ez dut gehiago ikusi,
ihesi etorri naiz.



-- Gaur ezkondu egin behar dut.
-- Egoera horretan pentsatzen duzu ezkontzea?
-- Bai. Egoera honetan eta edozein egoeretan, nik hartzen ditut nere erabakiak. Botereak ez du agintzen nere bizian, Euliak autonomoak gara.

-- Ezagutu dut zure senargaia, kriston sasoia dauka, baina ez diot zakilik ikusi.
-- Burmuina ikusi diozu edo ez diozu burura begiratu?
-- Patrixi nola zauden gaur…ondo pasatzera etorri naiz, hau ezkontza bat da, ez da mitin bat emateko lekua.
-- Ez naiz mitin bat botatzen ari, ari naiz gauzak bere lekuan jartzen. Bizian zutabe batzuk daude, ezin dutenak erori, ezta pitzatu ere. Eta orain eskerrak eman behar dizkizut, nere ezkontzara etortzeagatik. Bizian ez dago bakarrik Aberria edo familia, lagunak ere ba daude eta lagun bati traizionatzen duena, traidore bat da.
-- Ze gozaldu duzu gaur!!! Ni ba noa Martini bat hartzera.
-- Beste batekin agian ikusiko diozu nere senargaiari zakila.

Euli hori ikaragarria da, bere ezkontzan, bere biziko egun garrantzitsuenetako batean, ez du atsedenik hartzen. Sinestezina benetan!

-------------------------------------------------------------------------------------------------

hurrengoa : Bertsoak paretan idatzita

Biriatun gogoratzen.


BEDERATZIGARREN ATALA

Oso triste bizi naiz eta egoera honek aldatu egin behar du. Ezin dut Patrixirekin haserre egon, neretzat lagun garrantzitsua da.
Egia da, hasieran lotsa ematen zidala hona etortzea, baina iragana da, gaur ostirala da,
Maiatzaren 14, Biriatun gaude, Bidasoaren ertzean, eguraldia primerakoa eta laister
Patrixi ezkonduko da.
Bere senargaia potentea da, itxura oso ona dauka, beno ni ez naiz gehiegi hurbildu, asto pila dago inguruan eta ez da erreza ikustea, milioi bat euli ba daude hemen, eskerrak beste aldean daudela. Bakarrik etorri naiz, nahiago izan du bakarrik etortzea, Eulien mundua oso zaila da ulertzen.
Lehen elkarhizketa bat entzun dut, fijatu zaitez lagun, Euliak ze xamur eta ze garbi ikusten duten dena.

Euli gazte batek galdetu dio, bera baino urte batzuk gehiago duenari :
--Zuk sinisten duzu mirariekin? Adibidez sinisten duzu, Jesukristok bi arrainekin eta bi ogirekin egin zuena?

--Bai, zeren orain
mirari handiagoak egiten dira.
Jesukristok behin egingo zuen hori,
baina langabetuen emazteak,
egunero ipintzen dute su gainean
lapiko hutsa
eta bazkaltzeko orduan,
lapikoa janariz beteta dago.
Hori bai dela miraria!
Elizak badaki
mirari horren berri,
baina ez dakit zergatik dagoen isilik.


Konturatu zara lagun, ze erantzun eman duen Euli horrek? Eskola sekula zapaldu gabe...
Iruditzen zait biziak gehiago erakusten duela, eskolak baino.
Neri pila gustatu zait elkarhizketa hori eta noski, jarraitu dut belarria luzatzen.
Patrixiren senargaiak, ba ditu lengusu batzuk urdinak, hemen Biriatun sekulako nobedadea izan da. Hemen ez da sekula asto urdinik ikusi eta noski, batzuk erabat harritu dira eta hor sortu da eztabaida.
Etorri berri den Euli bati, beste batek galdetu dio :
--Zuk zer pentsatzen duzu arrazismoari buruz?
Segundo gutxi behar izan ditu hau erantzuteko.

Europan ez gara arrazistak,
ez gara txuriak edo beltzak,
gara,
aberatsak edo txiroak.
Besterik gabe.
Dirudunen demokrazian
dirua da
gizakiari kolorea ematen diona.

Erantzun hori ez da denen gustokoa izan eta ze sestra antolatu den! Eskerrak festa hasi gabe zegoela, bestela ez dakit nola bukatuko zuen.
Nere tokitik hamar bat metrora, taberna moduko bat ipini dute, neretzat primeran!
Patrixiren zain nagoela, kroketa batzuk jan, ardo piskat edan, agian zorte piskat edukiko dut eta berehala agertzen da. Dena den bakarrik ahal da egon, denetik dago eta oraintxe bertan trikitixa hasi dira jotzen.
Ze giro jartzen duen trikitixak!!! Neri pila gustatzen zait. Berriro jaiotzen ba naiz, ziur egon, nik ikasiko dudala.
Mostradorearen ondoan nago eta oraintxe ohartu naiz, ez dela Eulien taberna, astoeena baizik. Kamareroa asto koskor bat da, hiru edo lau urtekoa, tipo sanoa ematen du, baino egosgor xamarra.
Nahi dut zerbait irakurri…egur batean idatzita dago, lepoa ezin dut gehiago luzatu. Azkenean aulki batera igo izan behar dut irakurtzeko.

Zuk irakurri nahi duzun esaldia
zuk idatzi behar duzu.


Ez dakit zer esan… nere lana kostatu zait irakurtzea eta gero hori.. Lehen esan dut egosgorra dela eta agian ez, agian ez da egosgorra eta arrazoia du. Bakoitza dena izan behar du. Neurri batean behintzat.
Oraintxe beste egur bat ikusi dut, zerbait idatzita dago. Zalantzan nago joan hala ez…

Dakidana jakin da
eta falta zaidan guztia
ikasten dudanean,
biziak esango dit
ikaslea naizela
eta heriotzak,
ezjakina.

.
Hau gustatu zait. Asto honek ez du Poeta itxurarik, baina itxura da gutxiena.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengoa : Boterea ikusi dut

Malko guztiak lehortzen dira.


Orain saiatuko gara, beste zerbait sartzen. Dena den, inork ez daki zer den besteen gustokoa. Normalki mundu guztiari gustatzen zaio haragia patata baino, ba neri gehiago gustatzen zait patata prejitua, ondo prejitua baldin ba dago.
Benetan prejitu baino lehenago, hor doa bertso hau.

Bizia lagun
egun bat besterik ez da,
beraz saiatu zaitez
berehala zoriontsua izaten,
hasi oraintxe bertan
gerorako uzteko partez,
pertsonak gaur hiltzen gara,
natura bizi da milaka urtez,
horregatik jarraitu ezazu
nere aholkua mesedez,
nahi ba duzu ordularia galdu
baina denbora ez.



Egia da denbora galtzea penagarria dela, urteak berehala pasatzen dira. Gero, denok ez dugu kozeptu berdina, batzurentzat eguzkia hartzea, denbora galtzea ahal du izan eta beste batzurentzat partidu futbol bat ikustea.
Denak ez gara berdinak eta ez dugu izan behar, ze aspermena denok berdinak ba ginateke, aspertuko ginateke pila bat.
Ez gara izan behar ezberdinak derrigorrez edo berdinak derrigorrez, izan behar gara garen bezela eta kitto!
Ausardia behar da mundu honetan eta ez da erreza, gizartea gaur oraindik artaldea da.
Belarra jaten hasi baino lehenago, begiratuko dut zer sartu daiteken, zerbait motza, zeren laister kalera noa.

Hara zer aurkitu dudan, hemen zegoen ezkutuan, horrelako esaldi polita ezin du ilunpean bizi.

Boterearen bakeak
harmak ditu
herriaren bakeak
arima.


Esaldi hori aurkitu dut eta ez zegoen bakarrik. Pentsatzen jarrita normala da lagunduta
egotea, hainbeste urte bakarrik, agian ez zuen iraungo. Seguraski ez. Bakardadea probatu dugunok, ondo dakigu , xarma gutxiko laharra dela.

Malko guztiak lehortzen dira
baina bat,
zurekin batera lehortuko da.
Zuk jakingo duzu zein.


Orain estuasun baten aurrean jarri dizut lagun…..ez duzu pentsatzen hasi nahi, pasa diren urte batzuk gogoratu.
Lasai, egin ezazu nahi duzuna, gorputzak eskatzen dizuna. Aste bukaeran gaude, ez du euririk egiten, aukera polita da ardo batzuk hartzeko.
Arratsaldean Errealak jokatzen du, hementxe bertan, Irunen. Badakit Real Union gaizki dabilela, baina…. ni Errealekoa naiz. Erreala primerako taldea izan behar du.
Laister igoko da eta hori ospatu egin behar dugu. Bertso batzuk sartuko ditugu.


BAKARDADEAN KANTARI

Ez ba duzu zedozer ulertzen
ez lotsarik izan esateko
lotsak ez du ezer irakasten
bizia hor duzu ikasteko.

Biziaren gakoa hor dago
zuri ere iritsiko zaizu
ez izan inor baino gehiago
izan pertsona izan zaitez zu.

Erabakiak hartu poliki
ez ibili sekula presaka
azkar ibiliko zara gaizki
presak oso buru gutxi dauka.

Ez eduki iristeko presa
helmuga da gure bukaera
inoiz heldu zarenik es pentsa
iristen zarenean hil zara.

Bizian beti bila zabiltza
baina ez duzu poza sentitu
zuk duzu zorionaren giltza
triste egonda ezin da aurkitu.


Erreala ez dakit igoko den, baietz iruditzen zait, nik kapitulu hau bukatu dut, ziur nago.
Hau zortzigarren kapitulua da eta beste pare bat egingo ditut. Gero bukatuta egongo da Martillungo Sindikatua.
Baina Martillunen Sindikatu asko daude eta jarraituko dut sindikalista izan gabe, Martillungo Sindikatuetan idazten.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
ZORTZIGARREN ATALAREN AMAIERA
.

Ardi Beltza


Orain jarraituko dugu Euskal Kulturaren gurdia bultzatzen.
Ea zer bururatzen zaigun. Ba begira, sartuko dugu makinan, nik idatzi nuen lehen edo bigarren Poesia.
Hau zuzen zuzenean bihotzetik atera zen. Ez nuen ezer pentsatu.

ARDI BELTZA

Sua.
Eguzkia.
Lurra.
Ura.
Haizea.
Haragia.

Haragia.
Asmoa.
Arra.
Emea.
O + 1.
Gizona.

Gizona.
Gizartea.
Lana.
Dirua.
Sistema.
Ardia.

Ardia
Zelaia.
Belarra.
Borda.
Artzaia.
Txakurra.

Txakurra
Errepresioa.
Beldurra.
Artaldea.
Ardi txuriak.
Ardi beltza.

Ardi beltza,
bakarra,
gogorra,
artzairik behar ez duena,
bere erabakiak,
berak hartzen dituelako.

Pozik ibiltzen da zelaian
lagunekin elkarrekin jolasten,
zoriontsua da bizitzen
artzaiari kasorik egin gabe.
Bigarren txakurra ekarri arren,
nahi duen tokitik jaten du belarra.

Ardi txuriak bilduta daude,
ardi beltza bakarrik,
artzaia dirua kontatzen,
txakurrak hortzak zorrozten,
gaur ere saiatuko dira,
beltza txuritzen.

Ardi beltza odoletan dago,
txakurrek lepotik koska egin diote
eta artzaiak terrorista deitu dio,
baino beltza jarraitzen du zutik,
ez du kolorea aldatu nahi,
bestela ez legoke artalderik.

Gure laguna hiltzen ari da,
triste eta pozik,
ba dakielako egun batean,
ardi denak beltzak izago direla.
Egun horretan ez dira egongo,
ez artzairik eta ez txakurrik.

Gaztetan orain baino beroa nintzen eta horrelakoa izan behar da, erdizka ez da ezer izan behar.
Maiatzaren hasieran gaude, Larunbata da, bertso batzuk satzeko ordua da. Ea asmatzen dugun eta ez baldin ba dugu asmatzen, beste egun batean izango da.

BEGIRATZEN KANTARI

Ari naiz bizia begiratzen
nahi dut ikusi ondo argia
baina nahi dudana ez dut lortzen
ikuitu azalari mamia.

Nahi nuke ikusi urrutira
begiekin zulatu azala
baina begiak makalak dira
ezin dute argitu itzala.

Gaizki ikusten dut nik mundua
argia ez da inon ageri
hau da itzalaren erreinua
kobazulo handi bat dirudi.

Askotan egoten naiz pentsatzen
laister piztuko dela egia
baina ikusten naiz lurpertazen
ikusi gabe egunsentia.

Pertsona beti da ezjakina
nahiz ikasten igaro bidea
ez bait da izan inoiz berdina
begiratzea ta ikustea.

Bizian nahi nuke dena jakin
nahiz ez eduki itxaropena
kezkatzen naiz galdera honekin
nola jakin ikasten ez dena?

Nahiz eta gauz asko ez ikasi
ikasi dut garrantzitsuena
naizen bezela gustora bizi
eta izan beti ni naizena.


Ez nengoen oso alai hori idatzi nuenean, baina…..bizia hala da. Egunero ez dugu izaten animo berdina, egun batzuk nahiko tristeak izaten dira eta hoiek ere, bizi egin behar ditugu.
------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengoa : Malko guztiak lehortzen dira

Itsasora joan naiz


Nere bizi osoan ez dut pentsatu horrelakorik, Patrixi nere Euli maitea, itzalean hainbeste lagundu zidana, bere adiskidetasuna kendu, ukatu egin nau. Gaur, orain, momentu honetan, ez naiz Patrixiren laguna.
Bizia jarraitzen du eta nik ere bizitzeko gogoa daukat. Hala ere ez dut ezer alairik topatu. Esaldi hau aurkitu dut.

Sugeak eguzkitan ikusten dira
adiskideak itzalean.


Hendaian haizea oso sakarra dago, nahiz eta Maiatzean egon, hotza egiten du. Nere burua alaitu egin behar dut eta Itsasora noa. Etorri nerekin lagun, hobeto esanda, goazen elkarrekin.

ITSASOA

Nere begirada zuregana doa,
muga gabeko pausoa,
apaltasun harroa.
Itsasoa.
Naturak pertsonari eskaini dion,
amets eroa.

Beti guri besarkatuta zaude,
pertsonaren lagun osoa,
etsai zintzoa.
Harroa.
Begietan ez duzu idatzita,
zure asmoa.

Lurrarekin ametsetan zaude zu,
hondartzari luzatzen besoa,
maitasun tinkoa.
Beroa.
Hondartzari eskaintzen goizero
laztan goxoa.

Aurrean zauden abesti ederra,
amets sorginen auzoa,
uretako basoa.
Osoa.
Zuk bakarrik laztantzen diozu,
iparrari hegoa.

Haizeak maite duen jolasa,
mami aberatsen putzoa,
naturaren malkoa,
Goxoa.
Ilargiari begiratzen zauden,
musu freskoa.

Bertso hauek ez dira txarrak, Itsasoari diodan maitasuna ez da ikaragarria, neri gustatzen zaizkit zelaiak ardiz beteta. Baserri giroan jaio gara euskaldun asko eta hori hor gelditzen da. Seguraski egingo nituen bertso hauek, aspertu egiten nintzelako gehiegi, baina bizia hala da eta errealitatea aldatu ezin denean, egokitu egin behar da. Ez dago besterik.
Ezin dizut ezkutatu lagun, Patrixik min handia egin didala. Agian arrazoia du.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengoa : Ardi beltza

Patrixi hasarretu egin da


Benetako demokrazia izango litzateke, bozketan balego nor izango den Banketxeko nagusia edo lur askoren jabea. Guk dugun demokrazia politikoak aukeratzeko da, eta politikogehienak aspaldi aukeratu dute zer nahi duten: primeran bizi.
Politikoen izateko era, aldatu beharra dago derrigorrez, ez dago besterik.
Zarata bat entzun dut eta ez dut inor ikusi, ze arraro. Auskalo zer izango den. Jarraituko dugu beste zedozer sartzen, lasai lasai.

-- Kaiku, Kaiku!
-- Patrixi non zaude?
-- Hemen, telebistaren atzean.
-- Zer ari zara hor?
-- Zer ariko naiz ba, ez dut ondo ikusten eta hemen sartu naiz.
-- Egon hor, ez mugitu, berehala hartuko zaitut.


Patrixi adinean aurrera doa eta ez du ondo ikusten. Eta okerrena da ez duela ezer entzuten, hori bai dela txarra.

-- Zer zabiltza Hendaia aldean, sendagilearengana etorri zara?
-- Biriatun ba dugu sendagilea, ez dugu hona etorri beharrik. Etorri naiz zuri gonbidapen bat egitera.
-- Gonbidapena neri?
-- Ez da lehen aldia, ez ipini aurpegi hori. Ezkondu egiten naiz Kaiku, datorren astean.
Zer, ez zara pozten?
-- Zer nahi duzu esatea….neri iruditzen zait…..
-- Bota, bota, zer iruditzen zaizu, zaharra naizela, esan garbi.
-- Ba bai, zu Patrixi Euli zaharra zara.
-- Eulia bai, baina zaharra ez. Inor ez da zaharra, bizitzeko gogoa duen bitartean eta ni bizitzeko amorratzen nago. Ni goizero goizero Eguzkia baino lehenago esnatzen naiz, biziari musu bat emateko, argiak ez nau inoz itzalean aurkitu.
-- Bizitzeko amorratzen… zuri adinean zer eskaini behar diozu zure bikoteari?
-- Nere maitasuna eta ez nizuen galdera pito hori erantzun behar. Zu ez zara inor, gure erabaki bat eztabaidan jartzeko. Guk gure biziarekin nahi duguna egiten dugu.
-- Beno, beno, jartzen ba zara plan hortan….
-- Datorren astean ezkontzen gara, Bidasoaren ur ertzean, nere senarra asto gaztea da.
-- Zer !!!
-- Lasai, lasai, ez da extraterrestre bat, aita Etxalarkoa du eta ama Saratarra.
Gu bezelakoa da, zakila handiagoa dauka, beste ezer ez.
-- Baina nola nahi duzu zure ezkontzara joatea, ni Biriatun ezaguna naiz.
-- Lotsatu egiten zara nitaz?
-- Ez…….baina ez dut ausardirik zure ezkontzara joateko.
-- Agur Kaiku. Ez zaitut inoiz gorrotatuko. Ez duzu kategoririk nere ezkontzara joateko.

-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengoa : Itsasora joan naiz

Gora itxaropena


Beno lagun orain nora goaz, gaur astelena da eta buruko min piskat dut. Begiratuko dut karpetan eta zerbait azalduko da.
Begira zer aurkitu dudan.

Bizian
garrantzitsua zer den
eta zer ez,
zuk erabaki behar duzu,
nahi baldin baduzu pertsona izan
izan behar duzu zu,
egiaren ikaslea
eta arrazoiaren maisu.


Goizean ez nengoen ondo, baina eguardian txuleta bat jan dut, gero siesta piskat egin dut eta orain primeran nago. Eta pentsatu dut onena izango dela, Itxaropenari bertso batzuk egitea. Badakizu lagun, aspaldi eginak daudela.

ITXAROPENA

Non sartua zara maitea
izar zoragarriena
dena argitzen zaudena
deituraz itxaropena.
Pertsonak bizian dugun
argirik onena.

Ariman zauden sumendia
adar gabeko zezena
dena mugitzen duena
emanez pozik kemena.
Ekaitzean beti dugun
arnas goxoena.

Itxaropena zara zu
polita duzu izena
ezti goxoen eztena
sutsua bezain gardena.
Arimaren lorategian
larrosa politena.

Kalitatez beterik zaude
ilusioa duzu lehena
adorea da bigarrena
hirugarrena sinismena.
Zeruan itzaltzen zaigun
izar azkena.

Jarraitu beti izaten
bideko lagun onena
emanez argi zuzena
alaitzen gure barrena.
Itxaropena zu zara
ihintz freskoena.

Gustatu zaizkit bai Jauna !!! Bertso politak dira. Orain sartuko dut beste lan bat. Hau ere aspaldi dago armarioan sartuta eta gaur, Maiatzaren 3an aterako da kalera.
Hori ez da egia, Internet ez da beti lehio bat, kasu askotan da beste armario bat, baina ze egingo dugu, nik ezin dut beste ezer egin.

Justizia demokraziarekin nahasten dutenak,
nahasten dute,
egia gezurrarekin,
bakea beldurrarekin,
askatasuna botoarekin,
zoriona diruarekin,
lana morrontzarekin,
maitasuna sexoarekin,
lorea laharrarekin,
eguzkia itzalarekin,
ihintza malkoarekin,
etorkizuna iraganarekin,
nahasten dute
bizia heriotzarekin.
Hoietako batzuk
pena ematen didate,
beste batzuk nazka.

Hau ez dakit noiz idatziko nuen. Dena den egoera ez da batere aldatzen. Demokrazia ez da nahikoa langileei zoriona oparitzeko. Langileak botoa baino zerbait gehiago behar du
hilaren bukerara iristeko. Langileak lana behar du, soldata bat behar duelako hilero hilero eta zoritzarrez ez du, kasu askotan behintzat.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengoa : Patrixi haserretu egin da



Kontxa Mateorena


ZORTZIGARREN ATALA
.
A ze eguraldia egin duena gaur, markakoa! Pentsa zer nolako inpaktoa egin didan, bapatean sartu zaidala erderaz idazteko gogoa. Eskolan denetan txarra nintzen eta nola diren gauzak, Gramatikan klaseko onena nintzen. Oraindik gogoan ditut “ verbos transitibos e intransitibos, reflexivos. Articulos determinados e indeterminados y demas cosas “
Ahora voy a poner un ejemplo.
Juan rompe un plato. Juan es sujeto de la accion, rompe es el verbo transitivo y el plato, es el complemento directo.
Un dia ( en segundo bachiller) el hermano Pedro, le llamabamos “ el Pedrito”, dijo en clase, que alguien habia sacado un 20. A ver si acertabamos quien habia sido. Yo no me cans en pensar, tampoco pensaba que era yo, simplemente esperé y un minuto mas tarde dijo que era yo, como algo rarisimo.
Otro dia ( en tercero bachiller) me pregunto el teorema del Ortocentro, no le contesté porque no tenia ni idea, me pego tal tortazo, que me puso la cara mirando para Trintxerpe.
Todavia me duele el cuello
De mi fracaso escolar no les voy a echar la culpa, la culpa fue mia porque lo que no me gusta, no me interesa y lo que no me interesa lo dejo de lado. Simplemente les voy a decir a los hermanos de La Salle que si se hubieran dedicado un poco mas a enseñar en de vez de ensañarse en pegar, quizas hubiera sido igual a nivel de resultados, pero hubiera sido mas bonito. La Salle fue mi Colegio y el de un monton de amigos que todas las mañanas bajabamos de Altza a Herrera corriendo como locos. Que bonito era a pesar de todo!!!
“ El Pedrito” nunca se imaginó que aquel chaval de Altza, un dia iba a escribir una Poesia como ésta.

Cuando nació, era una letra pequeña
una letra alegre y traviesa,
que llorando, cantando, y estudiando,
se convirtio en una silaba,
una silaba que rimaba con el latido de su pueblo,
ese latido sincero le llevó
a decidir ser palabra,
una palabra de hierro, compromiso y sufrimiento,
que le convirtieron en verbo,
un verbo solidario, revolucionario.
Ahora es una Poesia maravillosa,
se llama Kontxa Mateorena.

Olerki hau dedikatzen diot gure lagun handi bati, Kontxari. Hendaian bost bikote elkartzen gara hilean behin eta oso ondo pasatzen dugu. Lehendabizi tragu batzuk hartzen ditugu, gero ederki bazkaldu, patxadan kafea hartu, pare bat Patxaran, gero mus txapelketa zorrotza, galtzen duenak Errealaren gorabeherak entzuten ditu eta horrela pasatzen dugu Igandea.

Gustatu zaizu lagun olerki hori, polita da, neri gustatzen zait. Neretzat errezagoa da erderaz idaztea, baina jarraituko dugu Euskeraz, gure ama triste bizi da.


Kaixo maiteak ni naiz Euskera
naiz Euskal Herriko dama
aspaldi dudan gaisotasunak
gaur zuengana narama.
Seme alabak azkar lagundu
eramaten neri zama
erderak nahi du baina ez utzi
hiltzen Euskaldunen ama.


Ez dugu hiltzen utziko, Euskal Herrian jende asko dago Euskeraren alde eta ez bakarrik gure artean, gizarte osoan dago pertsona pila maitatzen duena gure hizkuntza.
-------------------------------------------------------------------------------------------------
hurrengoa : Gora itxaropena